XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erdi Aroaren bukaera alderako, lurraldea erabat definiturik dago.

XII eta XIII mendeetan, kanpotik datorren jendeak eta bertako demografiaren hazkundeak berak, herriguneari izaera tinkoagoa ematen diote, herri izaera alegia.

XIII mende erdi aldera, gaur egun Astigarraga den lekuan hiru herrigune zeuden definitua: Santiagoko etxadia, Murgiako muinoa eta Ergobiako etxaldea.

Astigarragak, bere kokaera apartekoa bitarte zela, berebiziko probetxua atera behar zuen Donostiak, hark Urumea ibaitik bere jatorri zuen Hernanirekin zituen merkataritzazko harremanetatik, eta baita probintzia honen ekialdeko eskualdearekin zituenetatik ere.

Era horretara gizarte desberdin bat joan zen eratuz, bertako protagonista eginkizuna Murgiako nagusiek (Gipuzkoako Ahaide Nagusi deitzen ziren 24 leinuetakoa) zutela; Ahaide horiek denak batera elkarturik jaurerri errejimena ezarri nahi izan zuten Ahaide Nagusien gerrakoan, XIII mendeaz gero Euskal Herriaren historia nahasi zuten gatazka eta borroka sail nahastu horretan.

Haien pretentsioei gehiegikeriei aurre egiteko, XIV mendean bertan, Probidentziako Hermandadea sortu zen; elkarte horren sorreran parte handia izan zuen Aiztondoko alkategoak, garai hartan Astigarraga bertako parte zelarik.

Hiribilduek erregerengan bilatu zuten laguntza burruka horietarako, hiribilduak bezalaxe bandoen kontrario bait zen, hauen jokaerak eta egintzek gizarte bizitza normal burutu ahal izateko oztopo handia ari bait ziren bilakatzen; eta horrek eraginik Hermandadeak, Enrike IV-ak onarturik, haien dorretxeak kimatzeko erabakia hartu zuen 1457an, esaten zutenez izan ere (lapurreta eta gaiztakeria asko egiten bait zituzten lurralde honetan, bideetan eta alde guztietan).

Era horretara, bada, nahiz eta banderizoek gerora ere bertako biztanleen beldurkizun izan, probintzia honetako jaurerri errejimena amaiera ordua jotzen hasi zen.

Kimatu ziren dorretxeen artean Murgiakoa ere tartean zen, bertako leinukoek parte handia izan bait zuten oinaztarren aldean, bere buruzagietako batek behintzat ganboatarren kontrako borrokan utzi bait zuen bizia.

Ahaide nagusien ahalegin horrek huts egin zuen; zenbait lekutan, ordea, zalantza handitan bazen ere, gauzatu egin zen.

Horretxen ezaugarri berezia da, hain zuzen, Murgiatarren jaurerria.

Murgiako dorretxearen jabeak Murgia eta Ergobiako lurretan bertako jaunak izan ziren (inolako udal jurisdikziotik aske), eta gomendiozko tratu bat izenpetu zuten Astigarragako biztanleekin: XVI mende bukaerara arte pasabide zerga kobratu zuten Ergobiako ibian, eta eliz parrokiaren patronatoaren jabe ziren aldetik, mendetan kobratu zituzten hari zegozkion hamarrenak.